Friso
Friso
Friso
Friso

Landa Pozoituak

Gure mendiak pozoituta daude. Pestizidak, intsektizidak… edonon aurki ditzakegu. Legalak eta ilegalak, guztiek sortzen dituzte naturarengan eraginak. Maiz, oso kaltegarriak izan ohi dira bai fauna espezieentzat, baita landaretzarako ere.

Duela gutxi arte, harraparien kopurua kontrolatzeko pozoien erabilera oso hedatuta zegoen, batez ere penintsularen hegoaldean. Beste hainbat sistemen artean, estrikninaz kutsatutako arrautzak zein haragi zatiak erabiltzen ziren azeriak, belabeltzak, mikak, etab. akabatzeko. Ehiza espezieentzat kaltegarritzat jotzen ziren animaliak, alegia.

Baina pozoi edo edenek arazo ugari sortzen dituzte. Alde batetik, ez dira selektiboak: ezin dugu kontrolatu zein izakik aurkituko duen guk ezkutatutako arrautza pozoitua. Beste alde batetik, substantzia hauek pilatu egiten dira organismoan. Estriknina erabiltzean, esaterako, ez dugu soilik haragi zati kutsatua jan duen azeria hiltzen, ondoren haren sarraskiaz elikatuko den saia ere pozoitzen ari garelako. Nahi gabe, baina kontrolik gabeko heriotza kate bat sortzen dugu.

Ondorioz, pozoiaren erabilera justifikaezina dela eta, aspaldi debekatu zen. Hala ere, oraindik gutxi batzuk sortzen duen kalteaz jabetzen ez direla dirudi. Nahiko gertu daukagu oraindik Ciudad Real-en edenduta hil ziren sei eguzki-arranoen kasua. Horrelako egoerak salatu eta ozen gaitzetsi behar ditugu ehiztariok, inork baino hobeto ezagutzen baititugu substantzia toxikoen ondorioak. ADECAP-ek urte mordoa daramatza nekazaritzan erabilitako haziek eperretan dituzten ondorioak salatzen, orain gainera froga zientifikoak aurkeztuz. Era berean, behin eperrengan sortzen dituzten kalteak onartuta, begi bistakoa da antzerako elikadura duten beste espezie askorengan ere eraginak izango dituztela. Eta zer gertatu zen lursaguen izurritea agertu zenean? Landa-inguru guztiak edenez beti genituen eta zenbait tokitan ia erbirik gabe geratu ginen.

Iraganean pozoiak kontrolik gabe erabili genituen eta ugatza, arrano beltza, aztore-arranoa edota saiak bezalako espezieak desagertzeko arriskuan jarri genituen. Orain horiek poliki-poliki berreskuratzen ari direla ematen du. Ez dezagun, beraz, hanka sartu berriz. Ea sei arrano horien heriotzak behintzat jendea kontzientziatzeko balio duen. Ez ditzagun geure mendiak pozoitu!

Iker Novoa Fariñas es el actual responsable de Pesca Continental de ADECAP GAZTEAK.

Artículos: 9
1 Star2 Stars3 Stars4 Stars5 Stars (No Ratings Yet)
Cargando...

About The Author

Iker Novoa Fariñas es el actual responsable de Pesca Continental de ADECAP GAZTEAK.

Artículos Relacionados